Asteartea, 21 Apirila 2026 11:49

Artium Museoko jarduerak 2026ko Liburuen Nazioarteko Eguna dela eta

Artium Museoak bere Jendaurreko irakurraldien hemezortzigarren edizioa jarri du abian Liburuen Eguna dela eta; hala, ekimena foro publiko gisa sendotzeaz gainera, artearen inguruko literatura eta pentsamendu garaikidea komunitate hedatu baten ardatz bihurtzen dira.

Egun berean, 18:00etan, Xabin Egañaren Munduko collage handiari forma ematea lanari eskainitako argitalpena aurkeztuko da, Fernando Golvano komisario eta arte kritikariak argitaratua.

Ospakizun honekin batera, Raisa Álava artistak bere lana aurkeztuko du A01 Aretoan, museoak 2026an ilustrazioarekin eta argitalpen-prozesuekin lotutako praktikei eskainiko dien gunean.

Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak Liburuen Nazioarteko Eguna ospatuko du datorren ostegunean, apirilak 23, Jendaurreko irakurraldien edizio berri batean (arteari eta kulturari buruzko testuen irakurketa publikoa) parte hartzeko gonbidapenarekin. Ekitaldia Museoko Emanaldi aretoan izango da 11:00etatik 14:00etara. Gainera, Liburuen Nazioarteko Eguna dela eta, Fernando Golvano irakasle, arte kritikari eta komisarioak Munduko collage handiari forma ematea monografia aurkeztuko du arratsaldean, Xabin Egaña (Oñati, 1958 - Vitoria-Gastiez, 2006) artistaren lanari buruzko argitalpen arrazoitua. Bi jarduera horietan parte hartzeko beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea. Bestalde, museoak ganbera-erakusketen ziklo berri bat abiarazikoko du, ilustrazioarekin eta argitalpen-prozesuekin lotutako praktikei buruzkoa, A01 aretoan, eta hilaren 23tik aurrera Raisa Álava (Zuaza, 1990) artista eta ilustratzaileak garatutako hainbat lan grafiko eta editorialen prozesuak jarriko dira ikusgai.

Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak bat egingo du, urtero bezala, Liburuen Nazioarteko Egunarekin eta horren inguruan irakurzaletasuna sustatzeko antolatzen diren ekimenekin. Hala, Artium Museoaren Jendaurreko irakurraldien programa hemezortzigarren ediziora iritsiko da 2026an, irakurketaren esperientzia eta arte garaikidearen ezagutzaren hedapena partekatu nahi duten pertsona guztientzako topagune gisa. Artearen eta kulturaren arloko profesionalak gonbidatzeaz gain, jarduera honen helburua da elkarrekin irakurtzearen esperientzia partekatu nahi duten pertsona guztientzako topagune ireki gisa sendotzea.

Nahi duenak bere testua ekar dezake edo, bestela, Museoak egindako liburuen artean bat aukeratu eta zuzenean edo online parte hartu ahal izango du. Ekitaldia 11:00etan hasiko da eta etenik gabe luzatuko da 14:00ak arte. Programa honetan parte hartzeko beharrezkoa da biblioteca@artium.eus helbidera mezu elektroniko bat bidaltzea, harremanetarako telefono bat eta irakurketetan parte hartzeko aukeratutako ordua adieraziz. Ekitaldia giro ireki eta parte-hartzailean egingo da, eta aurten, berrikuntza gisa eta EiTBren lankidetzari esker, zuzenean jarraitu ahal izango da etb on plataformaren bitartez.

Jendaurreko irakurraldiak antolatzeaz gain, bookcrossing edo liburuak askatzeko ekimenean parte hartuko du museoak, liburutegian bikoiztuta daudenen poltsako aleekin. Liburu horiek, behar bezala etiketaturik, zirkulazioan jartzeak aukera ematen du aleak jaso, irakurri eta munduko beste leku batean askatzeko.

Xabin Egaña
Bestalde, 18:00etan Xabin Egaña. Munduko collage handiari forma ematea izeneko argitalpenaren aurkezpena egingo da museoan, lanaren egile Fernando Golvanoren eskutik. Argitalpen monografikoa Xabin Egaña (Oñati, 1958 - Vitoria-Gastiez, 2006) artistaren lanari eskainia dago.

Egañak arte grafikoetako ikasketak egin zituen 1977tik 1978ra Massana Eskolan. Bilbon bizi izan zen (1981-1985) eta Arte Ederretan lizentziatu zen. 1986an Gasteizera joan zen bizitzera, eta 1990ean Estibalizera, bizilekua eta lantegia leku berean kokatuz. Han elektrografia-ekipo aurreratu bat instalatu zuen Artmakina markarekin diseinuak egiteko (besteak beste, Hertzainak bandaren azken LParena 1991n edo RIPen CDarena), eta Gasteizko beste artista batzuen eskura jarri zuen beren proiektuak egin zitzaten. Egañak diseinu grafikoak, ilustrazioak eta eszenografiak egin zituen beste egile batzuentzat, eta hainbat bideo, hala nola No autor, no tutor (2002), Itxaro Delgadorekin batera. Euskarazko poesiaren arloan, Joxean Artzerekin kolaboratu zuen Ohiana auhenka (2001) haren azken poema-liburuaren ilustrazioan.

Argitalpenaren aurkezpenera joateko, aldez aurretik izena eman behar da museoko leihatilan edo 945 20 90 20 telefonoan.

Ilustrazioa eta argitalpen-prozesuak Raisa Alavarekin
Liburuen Nazioarteko Eguna dela eta, Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak, Artium Museoak, ilustrazioarekin eta argitalpen-prozesuekin lotutako praktikei buruzko aurkezpen-ziklo berri bat aurkeztuko du A01 Aretoan. Museoko publiko gazteenentzako liburutegiaren ondoko gunean egongo da, Raisa Álavaren (Zuaza, 1990) Nomen Omen muralarekin. Artista eta ilustratzaile arabarrak inauguratuko du, hain zuzen ere, erakusketa-ziklo berri hori, azken urteetan egindako lan grafiko eta editorialen prozesuak jasoko dituen erakusketa batekin. Aretoa 11:00etatik aurrera egongo da zabalik.

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand